Lehengo egunean, insomnioa izan nuen. Ez nekien zer egin. Ohetik altxatu, egongelara joan eta telebista piztu nuen gaueko ordu txikietan. Egia esan, ez dakit egunean zehar zer moduzkoa den pantaila txikia, baina gauean… ai ene! Tonbolak, teledendak, bideoklip arraroak, duela 20 urteko film pornoak… Bai, bai, denetarik dago.
Kateak banan-banan pasatzen hasi nintzen, itxaropen handirik gabe. Ezustean, nire botoi jotze urduria gelditu egin zen. Telebistako pantailan: Maria Luisa. Non eta komisarian, bera hiltzailea ez zela erakutsi nahian. Bat-batean, etxe zaharreko besaulki berdera bidaiatu nuen, 1994ra. Parez pare eserita, aitite Pedro, nire neba eta hirurok eta telebista zaharreko pantailan: Goenkale.
Telesailaren azken urteetan, hau amaitzea nahi nuen eta horrela esaten nien nire lagunei. Duela hiru urte, 3.707 kapituluren ondoren, Saioa amaitu egin zen.
Honek, poztasuna sortu beharrean, tristura arraro bat ekarri zidan. Goenkale-k haurtzaroko iluntzeak bete zituen. Maria Luisa, Ainhoa, Margari, Jose Mari, Lasa anaiak, Arralde eta beste asko familiakide izan genituen urteetan zehar. Baina, horretaz gain, telesaila euskal aktoreen etxe bihurtu zen, ikus-entzunezko langileon lantegia, eta, gainera, erreferentez bete zituen gure burmuinak.
Horregatik, lehengo egunean Goenkale berriz ikusi nuenean, dena hobeto ulertu nuen. Goenkale beharrezkoa zen. Goenkale beharrezkoa da. Berdin du zein izen ematen diogun, edo zein istorio kontatzen dugun, baina euskal fikzioa behar dugu telebistan. Orain.
Lara Izagirre Ttap Aldizkariarentzat (16-11-2018)
Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. Más información
Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.