Ospitalea

Duela pare bat hilabete, ospitale barruan hasi nuen nire bigarren film luzearen grabaketa. Horma urdinak. Aktore dotorea ohean etzanda. Goizeko argia leihotik. Gela guztia guretzat. Isiltasuna. Eta bost urte luze igaro eta gero… klaketaren soinua berriz. Euskal Herrian grabatzen ibili gara zazpi astetan zehar eta, nire lehenengo pelikulan gertatu zen bezala, bigarrenean ere, konturatu gabe heldu da azken klaketa. 

Ospatzeko: grabaketa amaierako afaria, festa, sorpresak, dantzak, gin-tonicak, azken asteetan familia izandakoekin besarkadak, desafinatzeak, agurrak, dardo txapelketa, barreak, breakdance saiakerak… Goizaldeko lauretan etxera.

Iratzargailu gisa, amaren telefono deia. Amama ospitalean da. Zer gertatu da? Dena ondo dago. Amama zaintza intentsiboko box batean dago, ordu batean joan zaitezke bisitan.

Ospitaleak ospitale usaina dauka grabatzera ez zoazenean. Argiak berde-zuriak dira. Boxetako oheetan daudenak ez dira zutitzen eszena amaitzean. Ondo dago amama orain, etxean atseden hartzen. Pila bat jarri omen diote bihotzaren ondoan.

Azkenaldian baino azkarrago hitz egiten du. Bere ospitaleko abenturak kontatu eta gero, nire lanagatik galdetu dit, ea amaitu dudan hainbeste buruhauste sortu dizkidan pelikula. Grabaketa amaitu dudala esan diot, baina filma amaitu arte asko geratzen dela. Irribarre egin du eta pentsakor geratu da hormari begira. Zineman egiten duten bezala, atseden dramatikoa egin du amamak eta begietara begiratu dit bere esaldia esan aurretik: Ikustera joan beharko gara. Ez dut negarrik egin amama ez arduratzeko. Baina ederra izango da berarekin aretora joatea, aurreko pelikularekin egin nuen bezala, eta bere eskua heltzea filma ikusten duen bitartean.

Gainera, Héctor Alterio dago pelikulan eta aititeren moduko begi urdinak ditu.

Lara Izagirre Ttap Aldizkariarentzat

Previous

2018an

Next

Kale

Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar