Leku bat entziklopedian

Gaur txokoa estreinatzen dut Interneten. Honaino iritsi bazara eta tartetxo batez gelditzea erabaki baduzu, eskerrik asko.

Zuekin sekretu bat partekatzea erabaki dut. Nagusi egitean, edo hilda nagoenean, gustatuko litzaidake entziklopedian lekutxo bat izatea. Lekutxo txiki bat, esaldi bat, edo esaldi erdi. Agertu nahiko nuke, existitu, izan. Ez dakit entziklopediak nolakoak izango diren. Ekologikoak izango dira ziur aski eta ez da paperik egongo. Interneten egongo dira, edo hodeietan. Baliteke etorkizuneko gizon-emakumeek sarrera bat ordaindu behar izatea iraganera joan eta lehenago zer izan zen jakiteko. Futuroscope hura bezalako zerbait, baina Iraganscope izango dena.

 

Irrintziaren oihartzunak

→ Iratxe Fresnadaren Irrintziaren Oihartzunak filmaren trailer ofiziala

 

Eta nik, izkinatxo batean, topatzeko zail izanda ere, gelatxo txiki ñimiño bat izan nahiko nuke, non izan izan naizela esango den eta non zinea egiteko zorte handia izan nuela aipatuko den. Eta idatziz utzi nahi dut, hemen, etorkizuneko entziklopedia hori argitaratzen denerako etorkizuneko gizon-emakumeek jakin dezaten ilusioa egingo lidakeela. Nire filmak ikusteak ere ilusioa egingo lidake (pluralean, bat baino gehiago izatea espero dut), eta doan ikusi ahal izatea.

Zergatik ari naizen honi bueltaka? Zinemaren munduko emakumeontzako oso zaila delako entziklopedia horietan agertzea. Informazio-iturri hain baliotsu horien idazle eta editoreei asko eta askotan ahaztu egiten zaizkielako emakume zuzendari handien izenak, eta ez kasualitatez. Cecilia Bartolomé edo Mirentxu Loyarteren izenak, esaterako.

 

→  Cecilia Bartolomeren, Margarita y el lobo

 

Segur aski ez naiz beraien talentua izatera iritsiko. Baina, hala ere, nire lekutxoa edo nire esalditxoa eskatzen ditut: Lara bizi izan zen eta zinea egin zuen. Zeren, egunen batez, nire ilobaren birbilobaren batek zinemaren munduan interesa izanez gero, gustuko izango nuke hark jakitea bere herenamona jada maitemindu zela zineaz, eta pena merezi izan zuela.

Zinea bezalako gauza hain eder batean emakumeen lana ikusezin egitea arma arriskutsu eta ikaragarria da, lanaren munduan hil eta desagerrarazi egiten gaituena. Eta nik ez dut zinemaz maitemindu eta filmak egiteko zortea izan duen edozein gizon baino gutxiago izan nahi. Beraiek beren lekutxoa badute, nik ere neurea nahi dut. Hala uzten dut beraz, idatziz, inor ez dadin oharkabetu eta inork ez nazan ez ni ez nire kideetako bat bera ere ahaztu. Hemen gaudelako eta ez dugulako alde egiteko inongo asmorik. Entziklopedia horren erdia geurea da.

Next

Fifty-Fifty

Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar