Gure Bilbo

Igogailuak oraindik egurrezko xaflak ditu jarrita hormetan. Botoiak baino ez dira ikusten. Mudantzekin ez dute igogailua izorratzerik nahi. Bi urte eta erdiko semeak PB botoia jo du. PB-ra heldu baino lehen, ordea, hirugarren pisuko auzokidea sartu da. Aitak “egun on” esan dio. Hark, “buenos días” erantzun. Lau hilabeteko alaba negarrez hasi da. Amak irribarre egin du.

Portaletik irten dira. Kalean, nahi gabe turistekin nahastu dira Guggenheim inguruak. Puppy-k kaka egiten ote duen galdetu du semeak. Kolonbiar batek amari esan dio “¡Qué belleza!”, Doña Casildako parkean. Semeak txinboetan tartetxo bat eman du. Aitak alaba besoetan zuela, semea txirristatik jaisteko zain egon da. Aitite-amama batzuek “¿es tu hermanita?” galdetu diote semeari. Eta hark “no” esan die. Amak pentsatu du agian semeak ez dakiela hermanita zer den. Aitak, ordea, derrigorrean jakin behar duela esan dio.

Patata-tortilla jan dute. Herrikoa bezalakoa ez dela esan du aitak. Txikiari bularra eman dio amak. Doraemon non dagoen galdetu du semeak. Panpina galdu dutela esan du aitak, bila joan dira. Ama eta alaba bakarrik geratu dira tabernan. Ondoko gizonak “bonita familia” esan dio amari. Amak “gracias” erantzun dio. Gogoratu du amak Doraemon euskarara bikoizten dutenak greban izan direla. Aita eta semea zoriontsu bueltatu dira tabernara panpina eskuetan. Amak ere bularra ematen amaitu du. Alabak korrokada galanta bota du.

Etxerako bidean, semeak amari galdetu dio: “Gure Bilbo nun dau?”. Iberdrola dorreak dena estaltzen duela esan dio amak semeari, haren atzean dagoela. Semea lasai geratu da. Ama, ordea, gure Bilbo non dagoen ez dakiela konturatu da eta ulertu du nuestro Bilbao honetan zaila egingo zaiela gure Bilbo aurkitzea. 

Lara Izagirre Ttap Aldizkariarentzat (15-03-19)

Previous

M hizkia

Next

2018an

Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar