Imajina ditzagun bi sortzaile. Batak, burua erantzunez beteta sortzen du. Besteak, burua galderaz beteta sortzen du. Imajina dezagun eskulturak egiten dituztela. Lehenengoak badaki, burdina eta harria erabiliko dituela bere lanerako. Proiektuak 22.458 euroko aurrekontua izango duela eta hiru hilabetetan amaituko duela. Bigarrenak, ordea, ez du erantzunik. Eskulturak berak erabakiko omen du norabide bat edo bestea hartu.
Imajina dezagun orain, sortzaile horiek, idazleak direla. Batak badaki bere eleberriak, txinera hitz egiten duen artista plastiko gazte ezkertiar bat izango duela protagonista. Besteak, agian, irudi bat dauka buruan, adibidez, esku bat beste esku bat heltzen.
Imajina ditzagun orain, sortzaile horiek zinemagileak direla. Erantzunzaleak badaki zein den bere filmaren targeta, zein den bere filmaren mezua, zenbat ikusle izango dituen, zein jaialditan estreinatuko duen, badaki zein sekuentzitan jarriko duen musika, noiz erabiliko duen gertuko planoa eta noiz orokorra. Galderazaleak, ordea, filma egiteko duen beharrak berak azkenean, galdera guztiak erantzungo dituela sinesten du.
Duela aste batzuk, Karmele Jaiok burua galderaz beteta idazten duela esaten zuen egunkarian. Lasaitu ederra hartu nuen ni bezalako sortzaileak badaudela jakitean. Nik ere filmak, burua galderaz beteta egiten ditut. Itsu eta aske, filmeek beraiek zer izan nahi duten erabaki dezaten. Tamalez, erantzunei galderei baino garrantzia gehiago ematen zaiela iruditzen zait. Batez ere, sortzaileoi gure proiektuak aurrera eramateko aukerak eman edo ez erabakitzeko ahalmena duten tokietan.
Zer ote da sorkuntza, galdera bat ez bada?
Lara Izagirre Ttap Aldizkariarentzat