Zinemaren munduan eztabaida bizia sortu da emakumeen eta gizonen arteko aukera desberdintasunen inguruan. Zenbakiei begiratzen badiegu, azken urteotan egoera ez da askorik aldatu; emakumeok zuzendutako lanak, adibidez, ez dira ehuneko hamarrera heltzen. 9-1. Partida gizonek irabazten dute.
Egoera larri honen aurrean, asko dira aldaketarako proposamenak egin dituztenak; (H)emen elkarteak, adibidez. Eta, nola ez, proposamen horien artetik, hitz debekatuak argia ikusi du. Kuota. Baina zer da kuota bat?
Hiztegiak esaten duenaren arabera, eman edo hartu behar den kopuru batetik, bereziki diru-kopuru batetik, bakoitzari dagokion zatia.
Emakumeak gizartearen erdia bagara, kuota argia da. Erdiarentzat erdia. Fifty-fifty. Hala ere, ausardia handia behar da errealitatetik hain urrun dagoen kuota bat egia bihurtzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Oraingoz, neurriak hartzeko ahalmena dutenek beste alde batera begiratzen dute.
Honen aurrean, gure ekoiztetxe txiki ausart honetan esperimentu bat egin dugu. Ekoiztetxeko proiektu potoloena hartu eta fifty-fifty kuota ezarri dugu. Eta zer gertatu da? Alde batetik, ezer ez. Itzela zen proiektuak itzela izaten jarraitzen du.
Beste alde batetik, ordea, dena gertatu da. Fifty-fifty kuota arriskutsua ez dela frogatu dugu zientifikoki Gariza Films-en. Ez zaigu ezer gertatu. Gzon-emakumeak lasai daude berdintasunean lanean. Agian, zineman berdintasuna lortzea iruditzen zaiguna baino errazagoa da. Ez gaitzala iraultzak beste alde batera begira harrapatu.
Lara Izagirre Ttap Aldizkariarentzat (5-11-18)