M hizkia

18 urte ditu Sarak. Politika ikasten du EHUn. Unairekin maiteminduta dago. Gaur, Unairen 20. Urtebetetzea da. Unaik Euskal Filologia ikasten du, unibertsitate publikoan ere bai. Bi aldiz geratu dira bakarrik egoteko, baina oraindik ez da ezer intimorik gertatu, musurik ere ez. Sarak ez daki Unaik zer nahi duen. Berak, ordea, dena nahi du. Horregatik, Unaik, bere urtebetetzea ospatzeko klaseetatik piper egitea eta hirira elkarrekin joatea proposatu dionean, Sarak konortea galdu du, beti doalako klasera, gaixo dagoenean ere bai. Baina Sara maiteminduak Sara arduratsua etxean utzi du.

Goizeko 11tan Doña Kasildako parkean dago, Unai noiz etorriko zain. Sarak urrunean antzeman du unai, lasai berarengana hurbiltzen. Lotsatu egin da goizegi heldu delako eta eskuarekin agurtu du. Luze-luzeak egin zaizkio elkartu diren arteko metroak. Betierekoa beraien azalen lehenengo talka, masaila masailarekin. Zorionak. Sararen atzamarrak Unairen belarrian. Oinez doaz orain, hurbil baina elkar ukitu gabe. Arte Ederretako Museoaren parean ABC, Bilboko Museoaren alfabetoa irakurri du Sarak. Unaik ea berarekin sartu nahi duen galdetu dio. Sarrera doan eta audiogida euskaraz. A artea. B-ren eskutik, Bilbao etorri da. Citoyen batzuk bihurtu dira C aretoan. D gelan Sara eta Unairen begiradak mikrosegundo batez elkartu dira. Espejo, ispilu. F-ko Itziar Carreño izan nahi du Sarak. Grotte, leize. H-k hunkitu egin du Unai. Sarak ez ditu I-ko eskulturak ikusi. Unaik te bat hartuko luke J-ko ontzian. Sarak barre egin du Pichichirekin K-n. L letra. LL ere badauka museoko alfabetoak.

M aretoko eserlekuan eseri dira. Ondo ondoan, elkar ukitzen, azkenean. Sarak Kirmen Uribek belarrira esaten diona entzuteari utzi dio. Unairentzat M gaur ez da Mom, ez Ama, ez Mamá, ez Maman. Sararentzat ere ez.

 

Lara Izagirre Ttap Aldizkariarentzat (17-05-19)

Previous

Fifty-Fifty

Next

Gure Bilbo