• 1985

    Jaio eta Lara izena emango didate, Doctor Zhivago filmarengatik (1965). Nahi gabe, izenean daramat zinema bera.

  • 1993

    Lagunekin hasiko naiz herriko zinemara joaten, igandetan, 125 pezetaren truke. Urte haietako Liberad a Willy sagak markatuko du nire haurtzaroa. Willyz maiteminduko naiz, eta baita protagonistaz.

  • 1995

    Gero, VHS irakurgailua iritsiko da gure etxera eta, harekin batera, bizitzan gehien ikusi ditudan filmak:

    Asterix y las doce pruebas (1976), Poli de guardería (1990), La bella y la bestia (1991) eta La Señora Doubtfire (1993). Oraindik egun, gai naiz Bella bezala abestu edo Robin Williamsen alaba izateko.

  • 2003

    18 urterekin ikusiko dut Lost in Translation. Eta, orduan lehen aldiz, zineari lotutako zerbait egin dezakedala  erabakiko dut.

  • 2008

    Zinemagintza ikasten hasi eta New York hirira lekualdatuko naiz. Unibertso osoko lekurik onena ezagutuko dut bertan, munduko bideoklubik handiena: Kim´s Video. Zinemazalearen ametsa biziko dut horma haien artean. Tarantino, Cohen anaiak, Altman, Lynch, Allen, Akerman, Saura eta Bergmanen berri izango dut orduan.

  • 2009

    Zinemagintzako ikastaroko lagunekin batera, Fish Tank filma ikusi eta zerbaitek klik egingo du nire barruan: ordura arte emakumeek zuzendutako oso film gutxi dauzkat ikusiak. Eta, ordutik aurrera, fokua aldatuko dut.

  • 2010

    Nire lehen metraje laburreko filma idatzi eta zuzenduko dut hirian, zeinak harro sentiaraziko nauen Bicycle Poem. Zinema-zuzendari izateko apustua serio hartu eta, 25 urterekin, Gariza Films ekoiztetxea sortuko dut.

  • 2012

    Publikoz lepo estreinatuko da nire lehen dokumentala zinema-areto batean Next Stop Greenland. Lehen aldiz sentituko dut publikoarekin konektatzea zein ederra den, proiektu propio baten eskutik. Ordu luzez egingo dut negar, estreinaldiak sortutako ilusioa dela eta.

  • 2014

    Nire ametsa beteko dut. Nire bizitzako filmik garrantzitsuena Un otoño sin Berlín idatzi eta zuzenduko dut.

  • 2015

    Donostiako Nazioarteko Zinemaldian estreinatuko da Un otoño sin Berlín. Filma opari bilakatuko da, haziz eta haziz doana. Nire harridurarako, oso ondo hartuko dute filma bai ikusleek eta bai kritikak.

  • 2016

    Un otoño sin Berlín lanak Goya sari bat irabaziko du emakumezko aktore berri onenaren kategorian, Irene Escolarren lanagatik. Irenek, agertokitik, “Lortu dugu, Lari” oihukatuko du. Eta nik negar egingo dut, negarra negarraren ondoren, eta zoriontsu sentituko naiz, oso oso zoriontsu.

  • 2017

    Hego haizeak jo eta ogibidez aldatuko dut 6 hilabetez. Berriz bueltatuko naiz ekainean zinemagintzara, munduan gustukoen dudan lanera.

  • 2018

    Nire bigarren film luzeari ekingo diot, hiru hilabetez behin izenburuz aldatzen joango dena. Hala, Ane & Pierre izango da hasieran, Ane & Peru gero, eta Ane & Peio hirugarren. Eta seguru, estreinatzerako, beste mila aldiz aldatuko duela izenburuz.

  • 2019

    Eta bai, iragarpena egi bihurtzen da. Nire bigarren film luzea izenez eta izaeraz aldatzen da ‘Nora’ri bidea egiteko. Abuztuan eta irailean filmatzen dut.

  • 2020

    NORA, pandemia eta Covid-19 baino indartsuagoa, Donostiako Zinemaldian estreinatuko da. Egia bihurtutako ametsa.

  • 2021

    Filma, azkenean, zuena da. Ilusio handiz, NORA irailaren 3an estreinatuko da aretoetan eta New York, Miami, Londres, autozine eta zinema-aretoetara eramango gaitu.

  • 2022

    ETXE BETEA sortu zen. Gure ametsen etxea eraberritzen hasi ginen: emakume sortzaileentzako etxea Bilboko erdigunean.

  • 2023

    Pelikula Baten Bila nire azken film laburraren estreinaldia. Oso proiektu berezia da, eta aktore zerrenda aparta du protagonista.

  • 2024

    Nire hirugarren film luzea konpainiarik onenean garatzen hasi naiz.

    YERMA forma hartzen ari da.